| 0166_AIARALDEA EKINTZEN FAKTORIA
15580
portfolio_page-template-default,single,single-portfolio_page,postid-15580,ajax_fade,page_not_loaded,,vertical_menu_enabled,qode-title-hidden,qode-theme-ver-17.2,qode-theme-bridge,disabled_footer_top,wpb-js-composer js-comp-ver-5.6,vc_responsive
0166_Aiaraldea Ekintzen Faktoria
Ekintzen Faktoria, Aiaraldea kooperatiba elkartearen bulegoak eta egoitza soziala Laudion.

Aiaraldea Kooperatibak hasi behar zuen bide berria eta horren materializazio fisikoa eta soziala izan behar zen egoitzaren diseinu eta eraikitze prozesurako, lehenengo momentutik izan behar zituen hainbat ezaugarri eta gure lanak kontutan hartu beharreko zenbait kondizionante berezi aurreikusi genituen. Horien artean, proiektuak epe luzera burutzeko aurre-diseinu lan guztiak barne hartu beharko zituela, nahiz eta eraikuntza gero faseka burutu aldiko baliabide eta beharren arabera. Faktoriaren haserako ideia hori espazioren kalitatean oinarritzen zen, haren balio-aniztasunean eta adaptaziorako kapazitatean. Programa handi eta exigente bat, funtzio eta erabilera ezberdin eta kontrajarri ugariekin, kalitate anbiental handiko espazio batean ezartzea lortu egin da.

Zentzu askotan proiektu hau matrioska baten logika berdinarekin ikusten dugu. Ez bakarrik zentzu fisiko literalean, non eraikin multzo  bat beste baten barruan sartzen den baizik eta, zentzu sozial batean ere, giza harreman eta hartu-eman ugari beste orokor baten barruan ematen diren. Horrela ulertzen bait dugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eskainiko diguna, harremanetarako marko berri bat.

Faktoria Aiaraldea kooperatibaren balioak sustatzeko gunea izan behar du, balore hauen materializioa, material eta soluzio konstruktibo jasangarriak, eremu ezberdinen eta hauen erabiltzaileen arteko erlazioak sustatzeko aukeratzen dira. Bai eraikuntzan, bai erabileran, Faktoria ahalik eta jasangarriena izatea bilatzen da. Epe ertainerako (edo luzerako) proiektu bat izan behar da ere, aldi baterako eraikuntza bat bezala planteatu daitekeen egitura bat, moldagarritasun irizpideetan oinarritua eta itzulgarritasunaren aukera aintzat hartuz sortua. Irizpide hauek, adaptabilitatea eta itzulgarritasuna, espazioaren (eta proiektuaren) berkonfigurazio total edo partzialak ahalbideratuko dute.

Aiaraldeak planteatutako beharren programa betetzeaz haratago, espazio honetan sortu behar diren erlazio biziak lagundu, azkartu, eta aberastu behar ditu. Erabiltzaileen (herritarren) erlazioak biziagotu eta aldi berean erlazio hauek gauzatuko diren inguratzaile edo eszenatoki (herria edo plaza) bat sortu. Agora bat sortu. Guk planteaturiko herriaren metafora, orain Faktoriaren ideiarekin aberastu da, non Ekintzen manufaktura burutzen den. Bi metaforak osagarriak dira, usinaren eta herriaren arteko erlazioa ere, argia.

Proposamena, hiri egitura barreiatu edo herri baten eskema erreproduzitzea du xede, bere eremu publiko eta pribatuagoekin, bere espazio zabal eta itxiagoekin, bere agora edo plazarekin, bere espazio berdeekin… Herri honen hazkundea erregelatua da alde batzuetan eta organikoagoa bestetan,  bilgune eremu baten inguruan antolatuz, espazioak bata bestean gainjarriz, eta erabilera ezberdinetarako prestatuz, garai ezberdinetan. Herri batetan bezala bere eremuek zabaltzeko aukera izango dute. Aldi berean herri berri hau, Ekintzen Faktoria berri hau, inguruko hiri eremura zabalduko da, Laudiora, Nerbioi ibaia artikulatzen duen hiri pasealeku supramunizipalera eta azkenik eskualde osora. Horretarako bere kontinentearen azala, pabilioia bera, desmaterializatzen joango da, barrualdeko bizitza kanpoaldera atereaz eta inguruak kolonizatuz.

Xede horiek lortzeko, proposamena irizpide hauek jarraituz garatu da:

 

Epeak eta ekonomia: diseinuak aurrekontu estu bati erantzun behar dio eta epeka egiteko aukera zabalik utzi behar du garaiko beharren eta bitartekoen edo baliabideen arabera. Eraikuntza soluzio arinak eta errazak, baliatu dira azkartasuna baliatzen dutenak, adaptabilitatea eta estandarizazioaren arteko oreka uztartuz. Materialen aukeraketan ere jasangarritasuna eta inguruko bitartekoen erabilgarritasuna bilatzen da, zura izanik eraikuntza material nagusia, bere forma ezberdinetan, egitura piezak, panelak etab.

 

Itzulgarritasuna: Proposamenaren abiapuntuko irizpide bat, pabiloian egungo eraikinaren egituran esku hartzea ahalik eta gehien murriztea da, era horretan haren itzulgarritasuna bideratuz, bereziki proiektuaren aurre-kontsolidazio fasean. Era horretan, erabilitako baliabideen berrerabilera lehenestea bilatu da aukeratutako soluzio eta diseinuetan.

 

Faktoria kontsolidatuz doan heinean pabilioiaren inguratzailean edo azalean esku hartzea progresiboa ahalbideratuko da, ekonomikoki doituriko soluzioen bitartez permeabilitatea eta ikusgarritasuna garatuz, eta sorturiko agora edo plazaren kalitate anbientala hobetuz, argitasuna eta aireztapen naturalari esker, bitarteko soilez tamizatu eta erregulatua (gortina, zelosiaz…). Proiektu basiko honetan azaltzen diren soluzio asko denborarekin inplementatuko dira fase ezberdinetan eta etorkizunerako daude pentsatuak.

PROIEKTURAKO METODOLOGIA BAT MODULOA EDO ETXOLA

 

Lehen aipaturiko matrioska estrategia, hau da, egungo eraikinean beste eraikin txikiago batzuk sartzeko estrategia, mota askotako abantailak ematen dizkigu: Alde batetik egungo eraikinaren espazialitatea mantentzea ahalbideratzen du, bolumen guztia akondizionatu gabe (berokuntza eta isolamenduan aurreztuz). Beste aldetik espazioaren legibilitatea oso era azkarrean ahalbideratzen du, sartu bezain pronto (eta kasik sartu baino lehen) espazioa eta barruko erabilera ezberdinak era intuitiboan ulertzea eta kokatzea errazten du. Bestalde abantaila arkitektonikoak argiak dira  espazio aberats eta erakargarri bat sortarazten delarik, herri zahar eta txikietako agrupazio organikoen gisakoa, bere plaza, auzo eta espazio berdeekin.

Estrategia hau burutzeko abiapuntua, lanerako geometria sinpleko modulu baten sorrera da. Geometria sinple honi esker, modulua bolumetrikoki etxola xume baten irudia edo antza hartzen du. Modulu edo etxola hauen errepikapena eta agrupazioaren bitartez, proiekturako metodologia bat sortarazten da, programa zabalak eskatzen duen espazio beharrei erantzuteko eta erabilera ezberdinak jasotzeko baliatzen dena. Aldi berean, moduluak edo etxolak eskala aldaketa sotilak pairatzen dituzte, bakoitzaren erabilerarako beharrezkoa den azalera beharretara egokitzeaz gain, multzoak beharrezkoa duen aberastasun bolumetriko eta formala bermatzen dituztenak.

Etxolak horrela, berdinak eta askotarikoak dira aldi berean eta erabilera ezberdinak jasotzeko erabiltzen dira, tamaina eta agrupazio ezberdinen bitartez. Izan lanerako guneak, bilguneak, umeen jolasak, kutxa eszenikoak, tabernak, bere barrualdea, zein kanpoaldea izan daiteke erabilgarria, herri berri honen topografia eraikia osatzen dute.

Konstruktiboki etxolak estandarizazio eta prefabrikazioa alderdi onez baliatzen dira. Errepikatzen den sistema modular baten abantailak ditu eta aldi berean erraztasunez, era ez espezializatuan eraiki daitezke. Sistema honek platform-frame sistema amerikarraren antzekoa da, non paretak zurezko listoi ugariz osatzen diren, kanpo eta barrualdetik panelatzen direnak. Erabilitako panelaren arabera akabera ezberdinak lortzen dira pareta transluzidoak, opakoak etab. Aldi berean, tartean isolamendua sartu daiteke behar higrotermikoen arabera, sistemaren modulazioa horretarako pentsatua izan delako aldez aurretik. Sistema honen bitartez bi abantaila egoki lortzen dira gure Faktoriarako: alde batetik eraikuntza sistema arin eta garbi bat erabiltzen da, egitura karga gutxikoa eta hauek oso era egokian banatzen dituena, zimentazio lan garestiak saihestuz; bestetik termikoki egokituak egon behar diren lan eta egonaldi espazioak soilik isolatzea ahalbideratzen du, pabilioiaren bolumen guztia kalefaktatu beharrik gabe.

Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren programa, bi ardatz nagusien inguruan artikulatzen da:

 

Lan espazioak, bazkide langileentzako espazioak, bulegoak, bilgune gelak. Komunikabidea eta komunikazio enpresarentzako lantokiak. Erabilera anitzeko espazioak, eta aretoa itxia komunikabideei lotua.

 

Txokoa eta bazkideentzako espazioak, Plaza irekia ekitaldi handienentzako eta hauei loturiko espazio zerbitzariak, aisialdi, kultur eta komertzio eta trukaketarako guneak, ekonomatoa, sukaldea, jantokia eta taberna, haurrentzako esparruak eta haurrentzako guneak.

Bi erabilera nagusi hauetatik aparte, hauek konpartitzen dituzten espazio zerbitzariak aurkitzen dira komunak, biltegiak, eta instalazioak guneak.

Proiektaturiko espazioa erabilera nagusi hauek eremu ezberdin zein konpartituetan kokatzen ditu. Erabilera ezberdinen elkarren arteko erlazioak kalifikatu, eta beharren arabera, sustatu edo motelduko dituen sistema espazial bat sortu da, etorkizuneko berkonfigurazioak ahalbideratuko dituen eraikuntza sistemez lagunduta. Espazialki, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako proiektua oso irakurketa erreza duen espazio bat proposatzen du, oso irekia eta inguruko hiri eremua zabalduta. Erabilera ezberdinak antzinako herri baten moduan antolatzen dira, auzoka, herriko plaza izan nahiko lukeen espazio zentral baten inguruan. Espazio hau ipar-mendebaldeko sarrera nagusiari oso loturik dago eta ondoan Faktoriaren erabilera publikoenak kokatzen dira, haurrentzako espazioak, ekonomatoa, kutxa eszenikoa txikia, taberna eta sukaldea, eta baita erabilera hauek zerbitzatzen dituzten espazio zerbitzariak, komunak, aldagela eta kamerinoak. Herriko plazetan bezala espazioa balioanitza da, egun eta ordu ezberdinetan beharren arabera, kooperatibako bazkideen ekitaldi jendetsuenak hartu ditzake edo merkatu plaza bihurtu, bazkideen trukaketentzako, ekonomatoaren altzari mugikorrei esker. Zonalde berde handienak ere plaza honetan kokatzen dira, sarreren ondoan argitasunaz eta haizeztapenaz baliatzeko.

Plazan, Faktoriaren erdigunean, kutxa eszeniko ireki txiki bat kokatzen da, bi aldeetara zabaltzen dena, bazkideak antolatu dezaketen mota askotako ekitaldietan erabili ahal izateko: ekitaldi ireki eta jendetsuenak plazan, eta itxiagoak edo lasaiagoak lantokien azpiko espazioan kokatzen den areto txikian. Areto honek komunikabideari lotuta egongo da eta audiobisualak ekoiztu eta grabatzeko erabili daiteke, kutxa eszenikoa plazako aldetik itxiz. Horretarako kontrol gela bat eta lantoki biltegi bat dauka ondoan. Era berean aldagelak eszenatokira lotu dira kamerino funtzioa bete ahal izateko. Eszenatokirako beharrezkoak diren, foko eta antzerki instalazio guztiei lekua egiteko, kutxa eszenikoak etxola handiago baten forma hartzen du. Era honetan beharrekoa den altuera bermatzen da planta osoaren altuera baldintzatu gabe eta goiko solairuan erabilgarria suertatzen den topografia bat sortzen da. Faktoriaren eguneko erabileran kutxa eszenikoa edo eszenatokia zabalik egongo da ahalik eta permeabilitate bisual eta argitasun handiena bermatuz espazio osoan. Era berean areto itxia emanaldi eta ekitaldiez gain beste erabilerak izan ditzazke, jantoki moduan, sukaldeari lotura, edo bazkideen arteko salerosketa eta truke azokak, ekonomatoari lotuta.

Herri baten gisan, Faktoria osoa jolaslekua izan dadin pentsatua izan den arren, bazkideen haurrentzat bereziki sortutako gune bat proiektatzen da, aurreko sarreraren ondoan, jolaslekuei kanpoaldera zabaltzeko aukera emanez. Gunea haurren eskalara egokitutako etxola multzo batez osatzen da espazio berde txiki batetan kokatuta. Etxola txiki hauen geometria eta tamaina jolas ezberdinak ahalbideratzen ditu: Haurrak etxolen barnean sartu daitezke, haien gainetik ibili, ezkutatu, salto egin, etab. Etxola hauen ondoan etxola mugikorra kokatzen da. Etxola hau kalera ateratzeko bereziki diseinaturiko etxola bakarra da. Bere dimentsioak (2,5m X 5m) kamioi batetan errepidetik garraiatzea ahalbidetzen dute eta bere ezaugarri konstruktiboak kalean egurats zabalean erabiltzea ahalbideratzen dute. Etxola itinerantea bereziki erabilgarria izan daiteke Faktoriaren eraikitze aurreko faseetan, stand, txosna, informazio gune edo pop-up denda moduan. Behin faktoria martxan denean bere erabilera haurren guneari lotuta imajinatu dugu, hamaika erabilerekin: eskulanen tailerra, txutxe-denda, aktibitateak eta jolasak antolatzeko gunea, botikina izan daitekeen mobiliario elementu bat.

Sarrera nagusiaren ondoan ekonomatoa deitutako espazioari loturiko zonaldea kokatzen da. Han  Kooperatiba bazkideen arteko trukaketak emango dira, elikadurari lotutako produktuak, tokikoak eta ekologikoak diren elikagaiak eskuratzeko aukerarekin. Honi loturik sektorizatu daitekeen espazio bat  aurreikusten da, bulego eta kutxa moduan funtzionatzen duena eta espazio honetan gordetzen dira merkatu orduetan plazara ateratzen diren ekonomatoaren altzari mugikor gurpildunak. Espazio  itxi honen goiko solairuan ere ekonomatoari loturiko beste espazio txiki bat dago. Komertzio gunea, taberna, barra eta sukaldearekin lotzen da espazialki, eta tartean erabilera libreko, mikrouhin-labe, kafeterak edo antzekoak, jarriko dira ekonomatoan edo tabernan hartutako jakiak berotu eta faktoriako edozein eremuetan jan ahal izateko.

Erabilera pribatuagoak jaso behar dituzten espazioak, Komunikabidearen lantokiak, bilguneak, eta bilera gelak, goiko solairuan kokatzen dira eta auzo baten itxura hartzen dute. Goiko auzo honek bere plazatxo propioa du. Plaza honen inguruan hedatzen den etxola multzoa, termikoki eta akustikoki isolatutako lantokiak, bilera guneak edota langileak lasai egoteko espazioen segida bat osatzen du, antolamendu posibilitate ezberdinak ematen dituena bere ezaugarri eta aberastasun espazialagatik. Lan toki kalefaktatu hauek aldi berean goiko plazara eta inguruko terraza pribatuetara zabaltzen dira, zeinak deskantsurako edo langileen bilgune bezala erabili daitezkeen. Goiko etxola hauetan langileen beharretarako komun txiki bat kokatzen da, hauek beheko zerbitzu komunetara joan beharrik ez izateko. Kutxa eszenikoaren zentralitatea eta bolumen handia, auzo honen intimitatea babesteko profitatzen da, eta akzidente topografiko bat bailitzan, bere gainean espazio erabilgarri bat sortzeko ere, graderio baten moduko egitura mugikorrekin osatu daitekeena. Azkenik kota  altuago batetan hegoaldera begira terraza bat sortuko da kanpoaldera zabalduko dena, kanpo biseraren zonalde bat atonduz deck motako zurezko zoru baten bidez

Behe solairuan azkenik, lehen aipaturiko espazio zerbitzariak kokatzen dira, komunak, biltegiak eta instalakuntzak. Ahal den heinean espazio hauek faktoriaren espazio segiden permeabilitatea ez oztopatzea bilatu da. Horrela komunak bi sarrera dituzte, aurrealdetik plazari lotuak, eta atzealdetik areto itxiari lotuak erabili ahal izateko ekitaldi orduetan. Era berean, Faktoria barneko ibilbideetan erabili daitezke, eraikinaren bi fatxadak lotuz, ekitaldi aretoarekin gertatzen den bezala, erabileran ez dagoenean. Biltegiak faktoriaren hegoaldeko sarreraren ondoan kokatzen dira, atzealdean, karga nasa bezala erabili daitekeen espazio baten ondoan. Alde batetik, biltegi normala kokatzen da, non ekitaldirako aulkiak eta bestelako mobiliarioa gorde daiteke. Bestetik biltegi hotz txiki bat kokatzen da, sukaldeari lotuta dagoena, non ekonomatoan saltzen diren produktu galkorrak gordeko diren.

Faktoriaren permeabilitatea eta pabilioiaren desmaterializazioa oso garrantzitsuak dira espazioaren kalitate espaziala eta Faktoriaren bisibilitatea eta erakargarritasuna lortzeko. Bi ezaugarri hauek ezinbestekoak dira proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko eta proposamenaren lanketa prozesuan inoiz ez dira bistatik galdu. Permeabilitea barneko espazioetan eman behar da, baina baita inguruko hiri eremura, barruko ekintzak ondoko eremuetara zabalduz eta hauetaz profitatuz barneko espazioen azalera handitzeko. Honetarako proposamenak bi urrats nagusi aurreikusten ditu. Alde batetik pabiloiaren fatxadetan ematen diren interbentzioak, eta bestetik inguruko espazioak atontzeko interbentzioak, behark estudioan garaturiko Parkez sistemaren bidez, aparkaleku eremuak erabiliz espaloiak handitzeko sistema modularra.

Eraikinaren bi fatxadak desmaterializatzeko, polikarbonatozko zelularrezko pareta fijo eta mugikorrak ezarriko dira egungo hormigoi blokeak kenduz behe solairuan. Era honetan argitasuna lortuko da eta baita permeabilitatea panel korrederoen bitartez, pabilioiaren aldeetako bi krujiak guztiz zabaldu ahal izango direlarik, bai atzealdean, bai aurrealdean, non pabilioiaren egungo ate industriala mantenduko den. Fatxadaren erdiko tartean egungo leihoak mantenduko dira, baina hauen arteko espazioak ere akristalatuko dira.  Fatxaden erdiko tarte hau lehenengo solairuko lantokien kotan egonik bulegoak bi orientazioetara bistak mantenduko dituzte. Era berean hegoaldean, egungo biseran atonduko den kanpoko terraza batera atera ahal izango dira langileak, eguzkitara. Azkenik goiko frontoiak ere polikarbonato zelularrezko panelekin jantziko dira, argitasuna bermatuz egunean zehar eta gauez LED argiteriaren bitartez argi kutxa bat sortuz. Polikarbonato zelularrezko fatxadak abantaila termikoak eskaintzen dituzte, argitasuna bermatzen duten bitartean.

Inguruko espazioa atontzeko, egun aparkalekuak diren guneak peatonalizatzea proposatzen dugu, pertsonei itzultzea. Horretarako Parkez sistema erabiltzen da. Sistema modular hau espaloiak handitzeko diseinatu genuen altzairuzko egitura arin eta laritz zurezko tarima baten bitartez eraikitzen da. Bere izaera modularrari esker konfigurazio ezberdinetan taldekatu daiteke eta bere dimentsioak aparkaleku plazekin erlazionatuta daudenez, azken hauek egonaldi moduluen bitartez ordezkatu daitezke pertsonentzako leku gehiago eta hobeagoa behar denean edo terraza, taberna eta kafetegien ondoan. Kale espazio erresidualetan erabilera berrien ezarpena ahalbideratzen dute espaloiak handituz eta oinezkoentzat esperientzia aberatsago bat sortzen dute irisgarritasuna hobetuz. Sistema, elementu modular ezberdinez konposatzen da era ezberdinetan taldekatzen direnak eta funtzio ezberdinak betetzen dituztenak, bankuak eta eserlekuak, trafikoarengatik babesteko elementuak, aldi berean mahai edo barra moduan erabili daitezkeenak, jardinerak, itzala eta freskotasuna emateko, bizikleta aparkalekuak, etab.

Proiektua pabilioiaren barrualdean (eta kanpoaldera) hedatuko da, hiri-egitura disgregatu baten antzera. Hiri-egitura hau, gertutasun eta independentzia, aurre-existentzia eta jarduketaren arteko erlazio aldakor baten bitartez, habitatzen duen komunitateari, ustegabeko eszenatoki aberasgarriak eskaintzeko gai izango da.